Karmengo Jaiak

Santurtziko Karmengo Jaietako Historia

Karmengo Andra Mari Santurtziko zaindari izendatu zenean hasi ziren Karmengo jaiak ospatzen, 1907an hain zuzen.

1907an Santurtzi eta Urtuella banatu berriak ziren, garai hartan gure herria itsasora begira bizi zen, gogoa mende horren bukaera aldera eraiki zen kanpoaldeko portuan jarrita, etorkizuneko garapenaren ikurra.

Itsasoa ezin garrantzitsuagoa izan da guretzat. Horrela, herriaren eta itsasoaren arteko lotura ezinbestez dago Karmengo Andra Mariari (Stella Maris) diogun gurtzarekin lotuta.

70 urte baino gehiago dira Karmengo Andra Mariaren irudia Santurtziko eliza nagusiko aldare nagusian jarri zutela. Horrenbesteko debozioa ikusita, ulertzekoa da Jenaro Oraa jaunak, gure herriko orduko erretore entzutetsuak, Karmengo Andra Mariaren zaindaritza lortze aldera bultzatu zuen ekimena.

Ziur gaude ekimena askoz lehenago sortu zela, baina Karmelo Mendiko Andra Maria Santurtzi Zaharreko zaindari izendatu zuen prozesuaren lehenengo aipamena urte horretako urtarrilaren 17ko Osoko bilkurako aktan azaldu zen. Egun horretan udalbatzak Aita Santuari zaindaritza eskatzea adostu zuen.


Handik egun batzuetara, 1907ko otsailaren 19an San Jorgeko erretoreak gutun bat idatzi zion Pio X.ari italieraz. Bertan Santurtzi Zaharreko zaindari izendatzeko adierazpen kanonikoa eskatu zion, Gutuna, erretoreaz gai,n beste hainbat lagunek sinatuta zegoen.

Martxoaren 4an, Gasteizeko Apezpikuaren (garai hartan Santurtzi Gasteizeko elizbarrutian zegoen) Jose Cadena eta Eleta jaunak San Jorge elizak eginiko eskaria babesten zuen idatzi bat egin zuen.

Horrez gain, Jose Maria San Martinek, Santurtziko alkateak, gauza bera eskatu zuen Vatikanora italieraz idatzi zuen gutunean, 1907ko martxoaren 23an.

Erroman beren-beregi kasu hauetarako den berrikusketa-prozedurari hasiera eman zioten eta eskari-txostena aztertu zuten. Beronen izapideak behin eginda, Cretoni Kardinalak, Ritos Kongregazio Sakratuaren Prefektuak, Santurtzik eskatzen zuenaren aldeko ebazpena eman zion aita Santuari.

Azkenean, Pio X. Aita Santuak Karmengo Ama gure herriko zaindari izendatu zuen.

Ekainaren 6an Udaleko Osoko Bilkurak uztailaren 16an zaindariaren omenezko jaiak egitea erabaki zuen. Bi zinegotzik hartu zuten jaiak antolatzeko ardura, eta horrela hasi ziren lehenengo Karmengo jaiak.

Bestetik, jai erlijiosoak izanik, apezpikuak Karmengo jaien eliza-ospakizuna arautzeko aginduak eman zituen.

San Jorgeko parrokiak Karmengo Amaren jaiari behar besteko garrantzia emateko asmoz, hotsandiko meza nagusia eman zuen uztailaren 16an goizean, eta arratsalderako prozesioa antolatu zuen herrian zehar. Udal agintariei gonbidapen ofiziala egin zitzaien, eta bietan, mezan zein prozesioan, hartu zuten parte Musika-bandak lagunduta. Ordutik ohitura hau urtero berritu izan da.