2025eko Antzerki jaialdia

 🎭 46. Nazioarteko Antzerki Jaialdia

Azaroaren 1etik 30era Santurtziko Serantes Kultur Aretoak Santurtziko Antzerki Jaialdiaren 46. edizioa jasoko du, Bizkaian ibilbide luzeena duen antzerki-jaialdia eta kultura erreferente sendoa Euskal Herrian.

Aurten Santurtziren 950. urteurrena izanik, jaialdia are garrantzitsuagoa izango da. Edonola ere, Nazioarteko mailari eutsiko dio, eta ohi legez, Estatuko zein Estatutik kanpoko ahots berrientzako, eszena-hizkuntzentzako eta proposamen berritzaileentzako espazio zabala izateko bokazioa izango da nagusi.

Aurtengo programazioan antzerki-, dantza-, musika- eta zirku-ikuskizunak daude, guztira 19, antzerki klasikoaren presentzia nabarmenarekin.Azaro osoan kalitatezko kultura-esperientzia zabala eskainiko diguten zenbait generotako konpainiak eta artistak, 2 nazioartekoak, egile ospetsuak, talentu gazteak eta gaur eguneko aktore handiak izango ditugu Santurtzin.

Jaialdiak prezio bereziak eskaintzen ditu SKAko bazkideentzat, % 50eko deskontuak gazteentzat eta langabeentzat.

Gainera, ABONUAK eskainiko dira  140 €-tan ABONU OROKORRA, eta 120 €-tan bazkideentzat, ikuskizun guztietarako, euskarazko eta familiarteko proposamenak izan ezik. Guztira 14 proposamen bikain!  Urriaren 1ean hasiko da abonuen salmenta eta leihatilan bakarrik salduko dira, agortu arte. (Leihatilako ordutegia: ostegunetik igandera- 17:30etik 21:00etara)

Sarrerak eskuragarri egongo dira www.serantes.com webgunean eta leihatilan urriaren 2tik aurrera, osteguna, 17:30etatik aurrera.

Aurtengo programazioak 19 ikuskizun eskainiko dizkigu guztira, denetikoak: antzerkia, dantza, musika, zirkoa… komedia eta antzerki klasikoa ere bai. Hainbat generotako konpainiak eta artistak, 2 nazioartekoak, egile ospetsuak, talentu berriak eta gaur eguneko aktore bikainak. Horrela, azaroan Aitziber Garmendia, Alicia Borrachero, Carlos Hipólito, Kiti Mánver eta Elena Rivera, besteak beste, Santurtzin batuko dira kultura-esperientzia anitza eta kalitatezkoa eskaintzeko.
Jaialdiak aurten nazioarteko ikuspegia berreskuratuko du, Portugaleko eta Alemaniako proposamenak eskainiko ditu eta. Horrez gain, eszena-hizkuntza berriak ezagutzeko espazio gisa duen bokazioa indartuko du, bereziki sorkuntza garaikideari erreparatuz.
Besteak beste, honako proposamen hauek ikusteko aukera izango dugu:
– Antzezlan klasikoen egokitzapenak, hala nola Marcela (Cervantesen kanta bat), Cervantesen “On Kixote Mantxakoa” liburuaren XIV. atalean oinarritutako antzerki-ikuskizuna, Celia Freijeiroren eskutik; Paco Mirren (Tricicle) El perro del hortelano lana, Lope de Vegaren “El rey Lear” klasikoaren egokitzapen moderno, arin eta umoretsua Chapitô konpainia portugaldarraren eskutik, egokitzapen minimalista eta meta-antzerkikoa, komediarekin uztartzen den drama klasikoa.- Gizarte-kontuak landuko dituzten antzezlanak. Esate baterako Maria Goirizelaiaren Dysphoria, Erresuma Batuan berriki gertatutako genero-iruzurraren ingurukoa, kasu horien barrenean den sufrimendua, lege-hutsunea eta gizartearen kezka leunki lantzen dituen pieza, alegia; Los lunes al sol, antzerkirako egin den filmaren egokitzapen bikaina, publikoa hunkituko duten gatazkak eta pertsonaiak aurkeztuz; Música para Hitler Pau Casals musikariaren dilema moralean murgilduko gaituen antzezlana. Juan Carlos Rubiok eta Yolanda García Serranok idatzia, benetako gertakizunetan oinarritutakoa. Eta horiez gain, Jokin Oregiren ¿Dónde están los niños? edo Una cuestión de formas, itxurakeriari eta harremanen manipulazioari buruzko komedia beltz eta zorrotza.

– Zirku-ikuskizunak: Ambulant, bidaia zirraragarria zirku klasikora, zenbait sariren irabazlea, besteak beste MAX saria 2025eko ESZENA ARTEETAN; Charlas de azucarillo, antzerkia, umorea eta zirku garaikidea uztartzen dituen ikuskizuna.

– Antzerkia euskaraz: Artea (Txalo Produkzioak) edo Tanttakaren Badakizu plastikozko loreak ez direla inoiz bizi izan, ezta?

– Familia artean ikustekoa: Agur, Peter Pan. Ipuin klasikoa familia osoarentzat.

– Objektu-antzerkia: Entrañas, zenbait antzerki-jaialditan sariak jasotakoa.

– Kale-antzerkiak ere tokia izango du. Jaialdiari kalean eskainiko diren bi ikuskizunek emango diote hasiera: “Naturaren ispilua”, azaroaren 1ean, 13:00etan, antzerki-, musika-, dantza- eta txotxongilo-ikuskizun ibiltaria, familia artean ikustekoa. Azaroaren 2an, berriz, “El peor espectáculo del mundo, de momento!!!” lana, heroi xume bati buruzko biopic-a, 2025eko Umore Azokan arrakasta handia lortu zuena.

– Nazioarteko proposamen berritzaileak, hala nola Hokuspokus, Familie Flöz konpainia alemana ospetsuarena, jaialdiaren amaierarako lan bikaina. Proposamen fina eta ederra, oholtza funtsezkoena azaleratzeko hitzik behar ez duen unibertso bihurtuko duena.
Umorea, kritika soziala eta hausnarketa izango ditugu jaialdian.
Aurten Santurtziko Antzerki Jaialdiak topagune, hausnarketa-gune eta eszena-abangoardia gisa duen garrantzia finkatuko du, betiere sustraiak sendotuz, baina begirada etorkizunean jarrita.